URBANBATfest

URBANBATfest hiri-eraldaketari buruzko ikerketa-laborategi gisa pentsatutako jaialdia da. Ikaskuntza, esperimentazio eta sorkuntza kolektiboko ingurunea, hiri-berrikuntzako prozesuak bultzatzeko.

Jaialdiak hiriko errealitatearen eta haren gatazken analisiari heltzen dio, hainbat formatutako diziplina anitzeko programazio baten bidez. Programazio horrek eztabaida eta azterketa-kasua aberasten ditu, eta metodologiak, erreferentziak eta parte hartzeko tresnak eskaintzen ditu.

Ez zurean ez nirean

Hiria aukeren espazioa da, baina baita bazterketarena ere. Hiri-plangintza eta biztanleentzako beharren artean dagoen etengabeko deskonexioak bereziki kaltetzen ditu pertsona ahulenak, eta horien artean daude hiriaren baitan beren lekua aurkitzen ez duten gazte ugari.

Gazteak hiri-plangintzan eta arkitektura-espazioen diseinuan sartzea ez da soilik justizia sozialeko ekintza bat, baizik eta berritzeko aukera bat. Haien begiradak ez daude paradigma tradizionalek baldintzatuta, eta horrek aukera ematen die alternatiba erabat desberdinak irudikatzeko.

Zer esan nahi du sarritan haientzat diseinatuta ez dagoen hiri batean gazte izateak? Nolakoa izango litzateke gazteen esperientzietatik eta nahietatik abiatuta diseinatutako hiria? Nola eralda dezakete beren praktika espazialek espazio publikoa? Zein paper jokatu dezake arkitektura-diseinuak gazteenak diren biztanleak onartzen eta ahalduntzen dituen hiri bat eraikitzeko?